Gipuzkoako ENBA nekazal sindikatuak, Debako basurde uxaldi batean gertatutako tragediaren aurrean, lehen lehenik, giza legeak eskatzen duen bezala, hildakoaren familiari gure dolumina agertu nahiko genioke.
Bigarrenik, azken urteotan basurde uxaldietan dabiltzan ehiztari koadrilei gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi genieke, salbuespenak salbuespen, uxaldiak legeak finkatzen dituen baldintzetan gauzatzen baitira.
Urtean zehar mila uxalditik gora ematen dira Gipuzkoan, eta esan bezala, orain arte, ez da inoiz horrelako ezustekorik ez tragediarik gertatu, legedia zorrotz betetzen baita.
Gipuzkoan bizi eta lan egiten dugun baserritarrok, egunerokoan pairatzen ari garen basurde gainpopulazioaren kalteak ikusita, behar beharrezkotzat ditugu uxaldiak eta hauek gauzatzeko, ezinbestekoa da ehiztarien laguntza eta partehartzea. Nola ez, beti ere, segurtasun araudiak eta legedia errespetatuz. Horrexegatik, uxaldiekin jarraitzea espero dugu.
Beraz, amaitzeko, hildako familiaren atsekabearen aurrean gure elkartasuna agertzearekin batera, Gipuzkoako basurde koadriletan jarduten diren ehiztariei ere gure babesa eskeini nahi diegu.
ENBA eta EHNE nekazal sindikatuek, aldez aurretik iragarri zuten bezala, abeltzainekin Informazio Batzarrak egin dituzte hainbat eskualdetan eta horietan behi-haragia ekoizten duen sektoreak bizi duen egoera delikatuaren berri eman dute, batez ere errentagarritasun falta ukaezinagatik.
Batzarretan, bi sindikatuetako arduradunek egindako lan neketsuaren berri eman da, bai eta hainbat sektore-eragilerekin, kooperatibekin, banaketa-katerekin, harakinen gremioarekin eta erakunderekin egindako bilera kontaezinen berri ere, hala akordio egokia lortzeko.
Hori dela eta, lerro hauen bidez jakinarazi nahi dugu, abeltzainari prezioak birkokatzeko akordioa lortu ondoren, eta akordio hau egin beharreko bide luze baten lehen harria besterik ez dela jakinda ere, bi sindikatuetatik bertan behera utzi dugula larunbat honetarako, abenduaren 16rako, aurreikusita zegoen mobilizazioa.
Bi sindikatuen iritziz, beharrezkoa izango da akordio horren aplikazioa eta sektore ekoizle osoan ezartzen den jarraipena egitea, horrela haragi-kate osoari, bereziki abeltzaintzari, mesede egin diezaion.
Azkenik, EHNE eta ENBA sindikatuek uste dute beharrezkoa dela eta prest daudela kooperatibekin, harakinekin eta banaketarekin batera lan egiteko, Elikadura Katearen Legea zorrotz beteko duen prezio-sistema baten oinarriak finkatzeko eta, beraz, hura osatzen duten kate-maila guzti-guztiek produkzio-kostuak estaliko dituztela bermatzeko.
2023-12-12
Haragia errentagarritasunik gabe ekoiztea sortzen ari den egoera larria dela eta, behi haragiaren sektoreko baserritarrek alerta oihua egin dute.
Euskal abeltzaintza sektorea familia ereduko baserriz osatuta dago, neurri txikikoak, eta lurralde osoan barreiaturik aurkitzen direnez, tresna ezin hobea dira lurralde beraren kudeaketarako eta ingurune naturalaren zaintzarako.
Bestalde, abeltzaintza sektoreak, hamarkadak daramatza kalitatezko ekoizpenaren alde eginez, eta honen bereizgarritasuna bultzatzen Euskal Okela AGB markaren bidez. Bide batez, kontuan izan behar da, Euskal Okela ezinbesteko tresna izan dela bertako produktuaren alde egin nahi duten erosleen leialtasuna eta babesa bilatzeko, eta honen bidez, haragiaren merkatuaren zati garrantzitsu bat bereganatzeko, bereizgarri gabeko merkatu orokorretik ezberdinduz.
Baina hau horrela izanik ere, abeltzainen ustetan, Euskal Okela bitartekari eta saltzaileentzat (distribuzioarentzat eta harategi tradizionalentzat) batik bat ari da probetxu ematen, baserritarrak ez baitira gai gurea bezalako mendi aldeko langintzek eta marka beraren ziurtapenak sortzen dituen gainkostuei aurre egiteko beharko lukeen prezio ezberdindu bat lortzeko.
Bereziki azken urte hauten, ekoizpen kostuen igoerak, kostuen eta jasotako prezioaren arteko arrakala areagotu dute, eta honek dakarren ondorio zuzena jarduerari uztea da. Jarraitzea erabakitzen dutenen kasuan, berriz, txahalak gizentzeari utzi eta behiekin soilik jarraitzea erabakitzen dute, oso deigarria izanik, gurea bezalako merkatu batean jaten den haragiaren %75 txahal haragia dela.
Esan bezala, baserrien galtzeak, harategien desagertzeak eta haragiaren katean lan egiten duten bitartekarien gutxitzeak, ekoizpena, txahal gizentzea batik bat, Harakai-Urkaiko kooperatibak soilik egitea dakar, eta salmenta, aldiz, Eroskin soilik kokatzea ekartzen ari dira. Azken batean, euskal gizarteak eta kontsumitzaileak nahi eta babesten duen kontrako eredu bat bultzatuz, lurraldean zehar banatuta lan egiten duten familia giroko baserriekin hain zuzen.
Guzti honegatik, EHNE eta ENBA euskal baserritar elkarteetako kideek, haragiaren katean traktore lana egin behar duten aipatutako eragileen erreakzio falta ikusita (Harakai-Urkaiko eta Eroski), eta ikusirik sektoreak bizi duen ito larri ekonomikoa, datorren egunetan bailaretan batzar informatiboak egitea erabaki dute, eta honekin batera, mobilizazio egutegi bat adostuko dute prezioak egokitzeko dagoen beharra ezagutarazteko, beti ere, sektoreak ezinbesteko duen jasangarritasunaren oinarriak finkatzeko.
Eusko label haragiaren ekoizpenak errentagarritasun ez izateak, salmenta puntuetan produktu falta ekarriko duela salatu dute ENBA-EHNE sindikatuetako euskal abeltzainek. Haragiaren sektorean gertatzen ari dena agertzeko eta baserritarren artean informazioa partekatzeko, Gipuzkoako 3 eskualdetako batzar informatiboak egingo dira eta datorren asterako mobiliazioen berri emango da.
Ehne, Enba eta Gebe elkarteok basoen benetako arazoari buruzko eztabaida serio eta urgentea eskatzen dugu: kudeaketa eza eta abandonua
Lehen sektorea kontuan hartu gabe, Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkurak basogintza mugatzen duten erregulazio berriei heltzea gaitzesten dugu
Ehne, Enba eta Gipuzkoako Baso Elkartea (GEBE) etsipenez eta frustrazioz jasotzen ari gara gure basoei buruz ematen ari den eztabaida politikoa, gehiegizko erregulaziozurrunbiloan murgilduta baitago, eta ez ditu jorratzen basoen biziraupena arriskuan jartzen duten arazoak. Horregatik, benetako arazoari buruzko eztabaida serio eta presazkoa eskatzen dugu: baso-kudeaketarako jartzen diren oztopoak eta ezbai politikoak eragin duten mendien abandonua. Basoak bertan behera uzte horrek ekartzen du gure ingurunea pobretzea eta zuhaitzak gaixotasunekiko ahulagoak izatea. Horrez gain, gure baso eta mendi asko sute handietarako aproposak diren erregai-biltegietan bihurtu dira.
Gure erakundeetako ehunka elkartekidek mendietan egiten duten lana aintzat ez hartzea ez da berria. Hala ere, oraingoan deigarria egin zaigu, parte-hartze prozesuen gorakada betean, ezustean aurkitu izana Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkurak asteazken honetan Eukalyptus generoko zuhaitzei eragiten dien ebazpen proposamen bat eztabaidatu eta bozkatuko duela.
Zehazki, Elkarrekin Podemos talde politikoak Gipuzkoan espezie horretako zuhaitzak landatzea aldi baterako debekatzea eskatu du. Baina horren aurretik, inork ez digu galdetu sektorea astintzen duten arazoei buruz. Horiek ez daude gai-zerrendan.
Enba, Ehne eta Gebe elkarteok kezka bera dugu: Gipuzkoako basoen % 16 baino gehiago inolako kudeaketarik gabe hazten ari dira, errealitate triste baten eraginpean, non ez dakigun zein zuhaitz, autoktonoak edo aloktonoak izan, gai izango diren datozen baldintza klimatikoetara hobeto egokitzeko eta bizirauteko. Eta kudeaketarik gabeko basoa gaixotasunak eta lehorte garaietako estres hidrikoa larriki jasan ditzakeen basoa da; balio gutxiagoko basoa, material eta erregai fosilen mende jartzen gaituena.
Hala ere, ikusten dugu eztabaida politikoa, errealitateak erabat gaindituta, beste ildo batetatik doala eta Gipuzkoan ia anekdotikoa den zuhaitz mota batean (% 1,3) zentratzen dela. Gogora arazi beharrean gaude, gure lurraldean beste espezie alternatibo batzuen alde egin dugula nagusiki pinudi gaixoak birlandatzeko garaian.
Horregatik, alderdi politiko guztiei gure basoak modu aktiboan kudeatzeko adostasuna lortzen saiatzeko eskatzen jarraituko dugu, baso-kudeaketa jasangarriko praktiketan oinarrituta; eta hori lortzeko, behar-beharrezkoa da basogintza sektoreko profesionalak eta arduradun publikoak elkarrekin lan egitea. Hil ala bizikoa da.