instagramFacebookTwitter
Nahiz eta batzuk aurka egon, OCM bakarraren erreforma aurrera atera da, elikagaien salerosketa kontratuak idatziz blindatuz

Presio-talde batzuen maniobrak gorabehera, Europako Parlamentuak gehiengo zabalez onartu du OCM bakarra erreformatzea, nekazariek eta abeltzainek elikadura-katean duten posizioa indartzeko. ENBAk "lorpen historikotzat" jo du erabakia.

Europako Ganberako Nekazaritza Batzordean joan den irailean gertatu zen bezala, Europako Parlamentuaren osoko bilkurak nekazaritzako produktuen merkatuen antolaketa bateratuari buruzko arauak aldatzea onartu du, nekazariek eta abeltzainek elikadura-katean duten posizioa indartuko dutenak.

Erreforma honen neurri nagusiak, Céline Imart Frantziako eurodiputatu popularra hizlari izan duena, honako hauek izango dira: idatzizko kontratuen erabilera handitzea, adierazle ekonomiko objektiboak txertatzea eta ekoizleen erakundeen papera eta pisua indartzea. Horren guztiaren helburua da Europar Batasun osoan, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategientzat bidezko prezioak lortzeko bidean aurrera egitea.

Erreformak kontratuen erabilpena zabalduko du, estatu kideen egoerak eta sektore bakoitzaren berezitasunak errespetatuz, eta bereziki esnearen sektorea blindatzen du. Ekoizleen erakundeek produktuen ekoizpenaren eta merkaturatzearen plangintzan duten zeregina ere indartzen da. Era berean, merkatu-krisiaren kudeaketa eta kontsumitzailearentzako informazioa hobetuko dira.

Lorpen historikoa

ENBAk "lorpen historikotzat" jo du Estatuan indarrean dagoen Elikatze Kateari buruzko Legearen egitura, praktikan, Europa osora hedatzen duen erreforma eta honenbestez, kontinente osoan katearen oreka hobetuko duena.

Hala ere, erreforma onartu arteko bidea ez da oztopo eta arazoetatik salbuetsita egon. Harrigarriena da oztopo horietako batzuk sektorea bera ordezkatzen duten erakundeen baitan sortu direla. Erreformaren txostengileak, Céline Imartek, horri buruz hitz egin du gaur goizean Euroganberatik: "kooperatibek (...) beren etsai deklaratua izatea leporatzen didate". Hala ere, "Europako hainbat herrialdetako nekazarien beste sindikatu batzuek (Frantzia, Italia eta Espainia, bereziki) ahots disonantea altxatu dute testuaren konpromisoak babesteko eskatuz", adierazi du.

ENBAk, UPAren bitartez, dei egin die COPA-Cogeca osatzen duten Europa mailako erakundeei inoiz ez ahazteko nor ordezkatu behar duten: "Beste ezeren gainetik, joko-arau seguruak eta produktuentzako prezio justuak behar dituzten nekazari eta abeltzainen milioika familiak".

Euskalmetlogo Lactologicologo Nekagip Sistema de Identificación Geográfica de Parcelas Agrícolas, SIGPAClogo PagoUnicologo AsuntosEuropeos
Gora joan