instagramFacebookTwitter
   

Otsailak 7, Gipuzkoako Batzar Nagusietako egoitzaren atarian Gipuzkoako hainbat baserritar bildu ziren, barrukaldean tratatzeko zuten PODEMOSeko mozioa eta BILDUren osoko emendakinaren aurrean bere aurkako posizioa plazaratzeko. Bertan izan ziren bai ENBA eta EHNE sindikatuak bai Gipuzkoako Basozale Elkartea eta BASKEGUR ordezkariak eta honako hau da, bertan irakurritako idatzia:

"Baserritarroi momentu txar asko bizitzea tokatzen zaigu, lurrarekin eta animaliekin lan eginda istripu eta ezbeharrak ohikoak ditugu, industrien gehiegikeriei aurre egin behar diegu eta  nahikoa ez balitz, gure eguneroko lana era guztietako lege, dekretu, ordenantza edo ziento bat inspektorek baldintzatu nahi dute.
Harro gaude egiten dugun lanaz, arbasoen eskutik jaso dugun jakinduriaz, lurra lantzeaz eta etxeko sukaldetik mendiko larreetaraino iristen den kultura honi jarraipena emateaz. Eta garenaz harro gaudelako ez dugu bururik makurtuko, ez dugu utziko gure mendeetako ogibidea zapaldua izaten, hiltzera kondenatzen. Zentzu honetan, onartezina iruditzen zaigu Arantxa  Ariztimuñoren kargu gabetzea eskatze hutsa. Urte luzez Aralarko abeltzainak egoera negargarrian lan egitera kondenatuak izan gara. Babes bereziko izendatutako eremu horiek baserritarron lanak, kudeaketak sortu ditu. Berauen defentsa egin nahi bada, baserritarron bizi baldintzak hobetzeko lan egin behar da, gurekin batera mendien kudeaketan jarraitu behar da.
Bide horretan aurrera egiteko apustua egin du Gipuzkoako Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendariak, eta gure babes osoa erakutsi nahi diogu azaldutako zuzentasun eta ausardiagatik. Bada garaia epelkeriak alde batera uzteko eta benetan estrategikoa izan beharko lukeen sektore honi benetan laguntzen hasteko, eta bere kargu gabetze eskaria, sektorea beraren aurkako erasoa da.
Azkenik, gaurko plenoan aurkeztutako bi proposamenei uko egiten diegu, nahiz jatorrizko proposamena, nahiz osoko emendakinari, biek helburu berdina dutelako, hau da, baserritarren lanerako oinarrizko azpiegiturak aurrera ateratzeko plangintza galeraztea, eta honenbestez, argi eta garbi eskatzen diegu Gipuzkoako Batzarkide diren taldeei ez ditzatela eskabide hauek babestu.
Lurra lantzen dugunak, abereak larretzen ditugunak gara benetako ekologismoa egiten dugunak, gizartearentzako arnasa, elikagaia eta ura bera sorrarazten ditugunak. Bada garaia zer babestu nahi dugun argitzen hasteko."

Azkenik esan beharra dago, bai PODEMOSen mozioa bai BILDUren emendakinak ez zirela aurrera atera, Batzar Nagusietako gehiengoak ezezkoa eman ondoren.

 

Euskalmetlogo Lactologicologo Nekagip Sistema de Identificación Geográfica de Parcelas Agrícolas, SIGPAClogo PagoUnicologo AsuntosEuropeos
Gora joan