ENBA euskal nekazal elkartea ostiral honetan Eusko Jaurlaritzak deitutako Haragitarako Behien Plan Sektorialaren aurkezpenean izango da.
ENBAk, dokumentua ezagutzen ez badu ere, adierazi nahi du prest dagoela haragiaren sektorearekin eta administrazioekin elkarlanean aritzeko, aztoratuta dagoen sektore baten egoera hobetzeko.
Gure lehentasunak honako hauek dira:
- Ziklo itxiko abeltzaintzaren aldeko benetako apustua, Euskadin jaio, gizendu eta hildako animaliekin lan egiten baitute. Horrela, Euskal Okela markari buruzko hausnarketa sakona egin behar da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaio, hazi, sakrifikatu eta merkaturatutako animaliaren alde.
- Haragia eraldatzeko industriaren azterketa sakona egitea, lurralde historiko bakoitzaren egoera eta beharrak kontuan hartuta eta, abeltzaintza-jardueraren errentagarritasuna helburu nagusietako bat izatea bilatuz.
- Katearen katebegi guztietako errealitate eta planteamenduak kontuan hartuko dituen bidezko prezioa eraikitzeko metodologia onartzea. Ekoizpen-kostuen azterketak egitea planteatzen dugu, kate osoa barne hartuko dutenak, baserritik hasi eta salmenta-punturaino, kateari gardentasun handiagoa emateko eta, horrela, sortutako balioa nola banatzen den identifikatu ahal izateko. Abeltzainak jasotako prezioaren eta kontsumitzaileak saltokian ordaindutako prezioaren arteko diferentziala, adibidez, handitu egin da etengabe, 2021eko 8,6 eurotik 2025eko 12,11 eurora.
- Beren txahalak gizentzen dituzten abeltzainen lana balioestea, baita beste abeltzain batzuen txahalak gizentzen dituztenena ere. Hori bai, tokiko merkatua lehenetsiz, txahal pasteroak Euskaditik kanpora ateratzea saihestuz eta tokiko txahalak gure lurraldean bertan geratzeko eta gizentzeko behar diren mekanismoak garatuz.
- Euskal Okelaren martxari buruzko hausnarketa sakona egitea, kalitatezko marka tresna eraginkorra izan dadin abeltzainari errentagarritasuna emateko eta Euskadi bezalako mendialde bateko ekoizpen-kostuekin bat datorren prezioa bermatzeko.
- Lehen sektorean lan egiten duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, zerbitzu mankomunatuen bidez eta errentagarritasuna lortuz lurralde-oinarri nahikoa duten abeltzaintza-ustiategien bidez; horretarako, beharrezkoa da Euskadiko lurralde-kudeaketako politika aldatzea.
- Erosketa publikoaren errealitatea ezagutzea eta bertako haragiaren erabilera sustatuko duen araudia bultzatzea.
- Eraldaketa- eta banaketa-industriaren eraginkortasuna hobetzea. Horretarako, uste dugu beharrezkoa dela gure produktuen eraldaketaren errentagarritasuna eta industria horretako langileen prestakuntza hobetzea.
25-10-01