Mendiaren kudeaketa baserritarren partehartzearekin egin behar da eta ez, EHBILDU egiten ari den bezala, baserritarrei bizkarra emanaz

- Aralarko abeltzainek mendia zaintzen dute, mendiak azienda zaintzen duen bezala. Bien arteko elkarlanaren onurak gizarte osoak jasotzen ditu.

- Enirio-Aralarko Mankomunitateak mendia kudeatzean 20 urte atzera egin du, baserritarrei bizkarra emanez erabakiak hartuz.

- EHBILDU, bai mankomunitatean bai alderdi politiko bezala, baseritarroi bizkarra eman eta elkarte “ekologisteekin” lerrokatuta dago.

- 134 abeltzainetatik 109 sinadurek ematen duten indarrarekin diogu Mankomunitatearekiko harremanak eten egiten ditugula sakoneko aldaketa eman arte.

Gaur goizean Larraitzeko langa ondoan elkartu gara Aralarko naturgunea gure abereekin kudeatu eta zaintzen dugun abeltzainentzat errespetua eta zor zaigun begirunea aldarrikatzeko.

Aralarko mendia bizitzen dugun baserritarrok mendia zaintzen dugu gure aziendaren bitartez baina ezin uka ere, mendiak gure azienda zaintzen duela, beharrezko dugun elikadura, sanidadea eta arnasa emanaz. Alde guztiek irabazten duten estrategia bateratuan hartzen dugu parte, bai mendiak berak bai abeltzainok baina baita ere, gure azienda bitartez zaindutako mendiaz gozatzen duten herritar guztiek. Gizarte osoak jasotzen du gure lanaren onura eta geuk, beste behin, herri mendietako ondarea kudeatu eta zaintzeko konpromezuari irmo eusten diogu

Mendia zaintzeko eta kudeatzeko, baserritarrok baldintza duinak behar ditugu bai larretokietan bai txabola eta bordetan. Aziendaren manejua eta lan sistemak aldatzen doaz eta honek etengabeko hobekuntza eskatzen du lanerako baldintzetan eta, hobetu eta bultzatu beharreko azpiegituren artean, ezin ditugu alboan utzi, txaboletara heltzeko bideak.

Interlokuzio leiala eta errespetuzkoa aldarrikatzen dugu eta honenbestez, mendia zaindu eta kudeatzen dugunontzat interlokuzio zuzena, gardena eta erabakiorra eskatzen dugu. Azken urteotan Enirio-Aralar Mankomunitateko arduradun eta abeltzainon arteko interlokuzioa asko zaildu da, etengabeko gorabeherekin eta norabide partekaturik gabea.

Enirio-Aralar Mankomunitatean gehiengoa duten udaletxeek ildo politikoa bera dute, EHBILDU, eta beren hitzetatik haratago, beren ekintzei begiratuz gero, argi eta garbi geratzen zaigu, abeltzainok ez gaudela beren estrategiako lehentasunen artean, soberan gaudela, oztopoan ez denean, eta hori begibistakoa da, behin eta berriro, izen eta titulu ezberdinekin aurkezten zaizkigun programa eta egitarauetan. 20 urte atzera egin dugu kudeaketa moduetan eta horren erantzule diren pertsonak, baztertu partez, indartu egin dituzte alderdi barruan.

Abeltzainok oso kezkatuta gaude EHBILDUko udaletxek eta alderdiak berak orain arte ezagutu dugun Aralarko kudeaketa zalantzan jartzen duela ikustean, mendia eta ingurumena zaindu eta kudeatzeko helburuan, ganadua eta baserritarrak tresna baliogarriak izatetik, jasan beharreko elementuak izatera pasatu bait gara eta hartzen diren neurriak abeltzaintza estentsiboa egiten dugunoi bizkarra emanda egiten direnez.

Geuk eta gure ustean, Euskal Herriko gizartearen gehiengoak bat egiten du abeltzaintzaren bitartez kudeatu eta zaindutako mendiarekin, alegia, Aralar bezalako mendian eramandako dinamikarekin eta ezin dugu onartu, abeltzaina alboratu nahi duen estrategia berririk.

Beraz, Aralarko mendira igotzen diren 134 abeltzainetatik 109 sinadurek eskutan izateak ematen duten indarraz baliatuz, publikoki salatzen dugu mankomunitatearen jarrera eta jokabidea, Mankomunitatearekin ditugun harremanak eten egiten ditugula aldaketa sakon bat gauzatu arte eta aldi berean, dei egiten diogu EHBILDUri eta berak gidatzen dituen udaletxe guztiei, Aralarrekiko daraman estrategia berpentsa dezan eta mendia eta ingurumena zaintzeko helburuan abeltzainek jokatzen duten papera aitortu dezan bai hitzez bai ekintzez.

Aralarko Baserritarren Elkartea - EHNE – ENBA

Larraitz, 2021-03-27